XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELKARREN BEHARRA

Usterik gutxiena dugunean gerta ohi gara besteren beharrean.

Inork ez du jakiten zertaz behartu daitekeen.

Inoiz etsairik haundienari ere mesedea eskatu beharrean aurkitzen gara.

Bakarka gertatzen zaigun hau berbera gertatzen zaigu taldeka eta herrika ere.

Zein zeinen beharrean eta noiz eta nola aurki daitekeen jakiten ez da erraz.

Baina munduan ez dago besteren beharrean inoiz gerta ez daitekeen gizonik eta herririk.

Ahazturik bagenuen ere egia hau garbi asko gogarazi digu petrolioaren gorabeherak.

Munduko zein herri ez du aztoratu? Zilipurdika jarri ditu denak.

Baita Ipar Amerika indartsua ere.

Zenbat nazio jarri dituen harremanetan petrolio urritzeak! Neurri horrek makur arazi ditu harrorik zebiltzanak ere.

Zenbat ibili eta zenbait batzarre egin diren bazterretan arazo hau konpontzearren!

Banaturik daude munduan ondasunak.

Ez da munduan ondasun guztiak dituen herririk.

Batek burdina dauka, besteak ikatza.

Honek garia, hark ardoa.

Ezer ez duen herririk ez dago.

Ezta dena duenik ere.

Nork pentsa zezakeen Arabeen neurri eta erabaki batek mundua ikaratu behar zuenik? Orain ohartu gara Arabeen urre beltzak duen indarraz.

Gauza asko zegoen petrolio putzu hauetatik zintzilik: argindarra, gasolina, plastikoa... Pentsutarako ere balio zuen, ikusten denez.

Hor dabiltza orain nazioak petrolio putzuak non aurkituko edo beronen ordezko lirakeen indarrak nola sortuko.

Ikatzari heldu dio Japonek.

Atomikazko nuklear indarra sortzeari ekin dio beste askok.

Eguzkiaren argi printzak bildu nahi ditu Frantziak eta indar bihurtu.

Loturik daude bata besteari munduko erresumak.

Ekonomiak lotzen ditu.

Gehiegi duenak gutxiegi duenari saltzen dio eta gutxiegi duenak gehiegi duenari erosten.

Ez dago bakarka baliatzen den erresumarik.

Askotan entzun dugu honako hau geure artean: Bakarrik zer egingo genuke? Burdina janez bizi al gintezke?.

Euskal Herriak ez dio, lehen ere bere herritasunari, aberatsa izan delako eutsi.

Ez diote bere lurrek euskaldunek behar zuten hainbat janari eman.

Burdina eskaini ohi zien beste erresuma batzuei janarien truke.

Baina gaur, agian eta zoritxarrez larritasuna bera saltzen da ondasun batzuen truke.

Ekonomiak zoritxarrez herri bat besteari lotu bakarrik ez dio egiten, bata bestearen mende jartzen du.

Ekonomiak bihurtzen ditu batzuk haundi eta besteak txiki, batzuk indartsu eta besteak ahul, batzuk nagusi eta besteak morroi.

Eta morroi izate horretan herritasuna eta nortasuna galtzeko arriskua du zenbait herrik.

Ondasunez ahul den herriak ez luke herritasuna galtzeko arriskurik behar.

Lurreko ondasunak baino balio haundiagoa duten altxorrak eduki ditzake bere baitan.

Herri bakoitzaren herritasunaz eta nortasunaz apainduriko herriartea izan behar du munduak.

Baina, honelako aberastasunei eskerrik ematen ez zaien mundu honetan, nahitaez, herri bakoitzak bere ekonomia zaindu behar bizirik iraun nahi badu behintzat.

Ekonomia indartsu eta sendoa ez duen herriak ez du zoritxarrez errespetorik sartzen.

Bere kultura, hizkuntza, izaera, erakundeak eta nortasun guztia zapaltzen diote jaun haundiek.

Sarraski bihurturik dago mundua bidegabekeriak eta indarkeriak.

Eta hor dabiltza arrano indartsuak sarraskiaren puskarik onenak eta handienak etxeratzen.